LBFren aurrekariak 1970. urtean bilatu behar ditugu, Juan Jose Agirre beneditarrak Lazkaoko Beneditarren monasterioko bibliotekaren ardura hartu zuenean. Montserrateko bibliotekan ofizioa ikasi, eta han ikusi eta jasotakoak ondo barneratuta zituela itzuli zen Lazkaora. Monasterioko biblioteka antolatu eta katalogatu zuen, eta liburu eta aldizkari berriekin zabaldu; Euskal Bibliotekaren atala ere sortu zuen. Hori bakarrik ez, garai hartan gainerako liburutegi eta artxiboetan gordetzen ez ziren funtsak biltzeari ere ekin zion; formatuaren aldetik bereziak zirenak (panfletoak, kartelak, pegatinak…), eta erbestean nahiz klandestinitatean ateratzen zirenak. Agirreren helburua euskal gaien inguruko artxibo handia sortzea zen.
Eta horretan eman zituen lautik gora hamarkada, materiala biltzeko egituratu zuen boluntario sare zabalak lagunduta. Bildutakoa antolatu eta deskribatu, ikertzaileei ateak ireki… Agirrek euskal ondare dokumentalaren zati handi bat salbatzen lagundu zuen, eta horrek euskal erakundeen eta gizartearen errekonozimendua ekarri zion.