Juan Jose Agirrek Gipuzkoako Foru Aldundiaren omenaldia jasoko du datorren urriaren 18an, memoria historikoaren eta hurbileko memoriaren alde egindako lan nekaezin eta aitzindariagatik. Lazkaoko Beneditarren Fundazioak gordetzen dituen funtsak Agirrek urtetan egindako lanaren emaitza dira, eta horiek bildu eta gizarteari eskura jartzen egindako lana errekonozituko zaio.
Aldundiak Lazkaoko Udalarekin eta beneditarren komunitatearekin elkarlanean antolatu du omenaldia, eta beneditarren elizan bertan izango da, 18:00etan. Ekitaldi irekia izango da, eta edonork parte hartu ahal izango du.